XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

.

Jainkoarekin leial izanik apaltasun-bidetik jotzea da ziurrena.

Hortik ez dago okerbiderik eta azkarrago joaten da.

Zergatik ez doa Inazio bide honetatik?.

Nire ustez esperientzia ezberdinetik abiatzen delako izan daiteke.

Abiapuntu ezberdinak dituzte Joanek eta Inaziok.

Inaziok bere esperientziaren berri ematen du; Joanek, berriz, azalpen zabalago, sakonagoa ematera jotzen du, ibilbidearen sistema oso bat sortuz.

Hori burutzeko, bere aurretiko mistikoen teoriez ere baliatzen da.

Goian aipatutako eskutitz horretan, arima xume Jainkozale baten bizitza zuzentzeko aholkuak datoz.

Kristauaren jarrerak nolakoa izan behar lukeen adierazten da hor.

Joanen gaztetako bizitzako gauzarik ia ez dakigula ezer, edo oso gutxi behintzat, esan dugu hasieran.

Heldu zaizkigun albiste banaka hauetatik atera dezakegunez, kristau bizitza ona eta garbia izan zuela dirudi.

Eta idatzi ere, bere antzeko kristau on eta garbientzat, benetako Jainkozaleentzat idazten du.

Horrelako pertsonentzat, otoitzean izan ohi diren kontsolamendu eta erregaliak benetan bizgarri eta esnagarri gerta daitezke, baina arriskugarri ere bai, haurtzarotik Jainkoaren hautatuak, kutunak direla sinetsiz, harrokerian eror bait daitezke.

Gainera, noizbehinka, izpirituzko elkorraldia jasan beharrean aurkitzen ziren, horrek artegatasuna eta sosegurik eza sortuz.

Beste aldetik, haren inguruan, garai hartan, begitazioak eta agerkunde faltsuak zituzten jende ugari zen; batzuk, deabruaren amarrukeriaz eta beste batzu, gezur eta nahaste, jende guztia eurei begira egon zedin.

Joanek ingurumari horretan idazten zuen eta kristau bizitza garbiko jendearentzat batez ere.